XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Aurkezpen honek horixe besterik ez dizu izan nahi: aurkezpena.

Informazioa eman, ez kritikarik.

Hontan dabilenak daki informazioa deformazio bihur dakiokeela; eta osotoro neutro izaterik ez dagoela.

300 orrialdeko liburua folio batzutara isurtzean, erremediorik gabe kabitu ezinik gainezka egiten dizula.

Halaz ere autore bakoitzaren pentsabideari trabarik gabeko ibilbidea prestatzen saiatu naiz.

Eskubide osoz konforme gelditzen ez denak, liburua hartu eta irakurtzea dauka.

Filosofo berri hauen liburuak ez dakit sakontzat ala arintzat jo behar diren, gutxi ala asko balio duten.

Filosofo profesionalak erabaki dezala hori, mesedez.

Nik dakidana zera da, ez direla irakurterrazak.

Ez dela hori lotaratzean irakurtzeko literatura erotikoa.

Horregatik eskubiaren zerbitzutan antolatutako marketing operazio hutsa dela mugimendu hau esan eta lasai gelditzen denaren jarrera bitxi samarra da gutxienik.

Milaka batzu gehiago ale saldu arren, ez zait iruditzen zabalkunde masiborik izango dutenik.

Besterik da, ordea, liburu horien eragina, polemika telebistara, irratira, prentsara ailegatzen denean, eta eztabaidak kolore politikoa hartzen duenean.

1. ANDRÉ GLUCKSMANN

Filosofo berrien artean, Lévy-k bezalako zalapartarik atera gabe, Estatuaren boterea sakonkien aztertu eta salatu duena da beharbada André Glucksmann 68ko maiatzean punta puntan ibili zen.

Ezker maoistako militantea.

Militantzia horrek erabat desengainatu ondoren, etsipen eta eskeptizismo politiko horren zuzenespen teorikoa moldatzen saiatu da.

Idatzi dituen liburuetatik bi aztertuko ditugu hemen: La cuisiníere et le mangeur d'hommes eta Les Maitres penseurs.

1. Sukaldaria eta giza jalea

Lenin-ek optimismorik haundienaz esan zuen, sukalde zuloko etxekoandrea Estatu arazoak erabakitzeko gai izango zela komunismoarekin.

Giza jale asegaitza den Estatuak, ordea, ez du horretarako erraztasunik eskaintzen.

Glucksmann-en liburu honek Lenin-en ametsa Sobiet Batasuneko egoerarekin konparatzen du.